XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ABERRIA. EUSKAL-SENA EKANDUAK

Euskalerriak betidanik bere oitura ta ekandu zarrak izan ditu.

Bertako baso, mendi ta oianetan aurkitu oi ziran areitz eta pagoen antzekoak ziranak.

Sendo ta errotsuak, benetan.

Ez da ez erreza izan menderik mende oitura zaar oneik, euskal-nortasuna, zaindu ta gordetzea.

Berein gizakunde ezbardiñak igaro dira gure ezker-eskumatik eta bein eta geiagotan gure barne-muñak be ikutu ta eragin bizienagaz irabiotu ditue.

ARERIO ZARRAK

Or dozuez, esate baterako, Kartago'ko Anibal gudalburu ospetsua ta bere gudarozteak, euskaldunakaz be orniduak batzutan.

Or erromatarrak, or godotarrak, or...

Batzungandik onurak geureganatu genduzan, besteengandik ostera, ta ugariago kalte izugarriak.

Ala ta be, iraun dogu, tente gabiltz; an, or, emen, zulo ta zirrikituak itxi ba'gaituez be.

ORAINTZUKOAK

Geroago prantzesak agertu jakuzan.

Bonapartetarrak Europa osoa aurrean erabilli ta astindu eben.

Eta ez gudaroztean bakarrik, baita be, ta txarrago zana, euren asmo barri matxin-zaleak gaztedian batez be leun-leun sartu-erazoz, zati aundi baten pentzakera barri-zale oneik erein ta zabalduaz, gaztedia ezeze beste gizarte-arlo nabarmenak, garrantzi aundikoak be zorabiauta itxi zituen.

AZI TXARRA

Euskaldunentzat ain galgarria izango zan azia botata egoan.

Euskal-iparraldeko iru erkiak euren buru-jabetasuna orduan galdu eben.

Gero, karlisten guda anai-erailleak.

Ta guda-ondoren, betikoak: naspilkeria, lizunkeria, oituren nabarmenkeria, kanpotarren sartze neurribakoa... ta Euzkadi egoaldeko buru jabetasuna be galtzea.

GAUR

Erasoaldi ta kinka larri oneik joan ziran.

Aldiak aldatu dira ta gaur eguneko bizimoduak begiztatzeko ordua eldu jaku: gaurkotasunaz, oraingoaz, konturatu bearra dogu.

Asko be asko poztu nintzan gure illeroko ZER onen lenengo zenbakian, azal aurrean, portadan, ikusi nebanean atsotxo bat bere aldamenean, alboan, mutil koskortxo bat, lengo ta geroko baten denporak adieraziaz.

URDURI

Igaro jakuzan lengo areik; asieran sendoak, basoko areitzak lakoak ziranak, ta azkenean negargarriak gure buru jabetasuna galduaz, lengo sendotasunaren ordez, gaur eguneko piñudiak bezela, gero ezjakiñaren ezaugarri zimelak zirudienak.

Bai.

Areitz eta pagoen ordez, Euskalerria lerrondoz, piñuz, beterik dogu.

Baiña geroa irabazi bear dogu.

NOTIÑAK OBETU

Geroa guk, oraingoak betetu bear dogu.

Zugaitzak ezin geinkez aldatu, joan ziran urte ta gizaldien ezaugarria diranez.

Baiña notiñak, pertsonak, aldatu ta obetu geinkez.

Gaur egun, arin baten bizi gara, piñuak ebagi oi diran lez, eta dana gure ingurumarian urduritsu agertu oi jaku.

Ori ta be, len aitaturiko illeroko azal-aurreko mutiltxo orrek asko esan gura dausku.

Bera lez, millaka dira, euren alde zer egin geinken itxaroten dagozanak.

Euren geroa gure eskuetan daroagu.

Orain guk egin dagigunaz eurak baliatuko dira ezbairik gabe.

GEROA, GURE SEME ALABENA

Eta ori arlo guztietan: ikastolan, erlejiñoan, gurasoen ardurapenenan batetik eta eurakanango ta gizadi osoaren begirunean erakutsi oi dautsaguzan eredu bizietan bestetik.

Geroa gure seme alabena da.

Gero pozgarria, itxaropentsua, lagun artekoa, ez alkar joka ta bekaizkeriz eroatekoa.

Oraingoak zubiak gara.

Lengo ta gerokoen zubiak.

Zubipetik uraldiak igaro arren, izan gaitezan, irmo ta zintzo jokaturik, zubi sendo ta tinkoak.

Gure ondorengoak ta Euzkadi gure aberriak eskertuko dauskue.

Azi on batek igali ugariak dakarz.

ARREGI'tar Josu'k.